2013/08/09

ZERTARAKO HEGOAK antzezlanaren azken emanaldia DJ LOVE BOAT eta kX DJrekin batera





ZERTARAKO HEGOAK antzezlana sortu genuen 2013an BERRIA egunkariaren ekimenez, 10. urteurreneko ospakizunaren harira. Ordutik herri ugarik ezagutu dute antzezlan honen hegaldia, eta zikloa ixteko tenorea heldu zaigu: AZKEN EMANALDIA EGINGO DUGU 2015eko otsailaren 27an Donostiako Guardetxean.

Egitaraua honakoa izango da:

-22.00etan ZERTARAKO HEGOAK antzezlana.
-23:00etatik 01:00etara superfesta DJ LOVE BOAT eta kX DJren parte hartzearekin.

PUBLIKOARENTZAT ABIXUA: Superbotere absurduak dituen super heroiez jantzita etortzera animatzen zaituztegu. Superheroi absurduz jantzita etorriz gero, supetxupito bat izango duzue opari, eta beste hainbat sorpresa.

Antzezlan baten zikloa ixtea beti da zerbait hunkigarria, zirraragarria, bidaia luze baten amaieraren moduan; taldekideok gure eskerrik sentituenak eman nahi dizkiegu Berriako langileei, Ainara Lasari, eta publikoan bidaide izan zaituztegun guztiei.

Azken aldiz ekingo diogu:

PER-TSO-NA
NOR-MA-LEN
MUN-DU-HA
RRI-GA-RRIA!!!



Hauek gara ZERTARAKO HEGOAK: 

Bultzatzailea: Berria.
Aktoreak: Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, Iraia Elias, Iñigo Ortega, Joseba Roldan.  
Testua: Oier Guillan eta aktore taldea. 
Jantziak: Idoia Beratarbide, Maria de Bernardo.  
Argiak: Ander Fernandez, Jabi Barandiaran.  
Musika: Ander Fernandez.
Zuzendaritza artistikoa: Dejabu Panpin Laborategia, Jabi Barandiaran.
Bideoa: Zazpi t`erdi.

2013/08/08

Agus Perezen kritika Berrian

Kritika. Antzerkia


Super botereak


Agus Perez


Metrokoadrokako kideak Zertarako hegoak antzezten. / JON URBE / ARGAZKI PRESS

‘Zertarako hegoak’
Aktoreak: Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, Iraia Elias, Iñigo Ortega, Joseba Roldan. Testua: Oier Guillan eta aktore taldea. Jantziak: Idoia Beratarbide, Maria de Bernardo. Argiak: Ander Fernandez, Jabi Barandiaran. Musika: Ander Fernandez. Lekua: Errenteriako Niessen aretoa. Eguna: Martxoak 12.

Taula gaineko aktore taldeko kide batek leihoa zabal-zabal ireki du, goizeko aire freskoa eta munduaren berri jasotzeko gogoz. Baina leihoa zirudiena egunkariaren orriak izan dira, eta leiho horretatik jakin du gizaki guztiok dauzkagula super botereak, zertarako balio ote duten oso argi ez dugun arren. Abiapuntu horretatik hasi dira Metrokoadroka kolektiboko partaideek eraikitzen Zertarako hegoak antzezlana.

Banaka hartuta, ordea, norberaren ezaugarri bereziek ez dute balio handirik bizi garen mundu malapartatu honetan behintzat eta, horren kontura, taula gaineko bost aktoreak etengabe mugitu dira nitasunaren eta gutasunaren kontzeptuaren artean, plano kolektibo horretan hartzen dutelako berezko indarra norbanakoen ahalmen miresgarriek.

Jakina denez, BERRIAren hamargarren urtemuga ospatzeko sortua da Zertarako hegoak antzezlana, eta sortzaileen jite kolektiboa ezin hobeto egokitu zaio komunitate indartsu baten parte izatearen ideiari. Bide horretatik, dramaturgiaren arloan garrantzi bera hartu dute norbanakoen nortasun aberatsek eta talde osoak eraikitako irudi kementsuek. Gainera, nik uste dut ez dela kasualitatea izan taula gainean bost kide izatea, eskuko bost atzamarren irudia elkarlanaren eta ekintza eraikitzailearen paradigma delako. Eremu eszeniko zeharo hutsa ere esanguratsua izan da, ezin hobeto irudikatu baititu zero absolututik abiarazten diren prozesu emankorrak.

Egiatan, baina, ez dira zero absolututik abiarazten, oinarrian dituztelako norbanakoen super botereak eta elkarrekin jarduteko borondate hautsezina. Hasierako hustasun hori bihotzez bete dute bost antzezleek, argiztapen apal baina samurrean bilduta eta jantzi txiroen diseinu koloretsuak lagunduta. Bestalde, prozesu horretan funtsezkoak izan dira pertsonaia guztien barne indarra, jarrera txiki bakoitzari emandako esangura, bizitza arrunteko hotsekin eta keinuekin eratu diren dekoratu ikusezinak, eta heroi arrunten omenez sortutako himnoak.

Horrekin guztiarekin eta kolektiboko partaideen sormen paregabearekin jaio da euskal dramaturgiaren izar berri hau: ikusle arruntak sano gozatuko du emanaldiarekin, eta ikusle prestuak plazer handiz jasoko ditu ohiko antzerkiaren eremuan gutxitan aurkituko zituen bertuteak.